KoopFabrikan proiektu bizien bidelagun gara. Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan parte hartu zuen Saioa Royo eta Jantzizlab kooperatibako kideek KoopFabrikaren bidelaguntza jaso dute.
Bost pertsonak osatzen dute Jantzizlab kooperatiba. Elkarrekin ikasi zuten eta orain esperimentatzen ari dira. Arte eszenikoekin lotura duten jantzitegiak egiten dituzte. “Gidoia etortzen zaigunetik, irakurtzen dugu, ikertzen dugu, historikoki non kokatzen den, autorea zein dan, interpreteak nortzuk diren, pertsonaiak, behar teknikoak…”. Antzerkian, dantzan, zinema eta telebistan aritzen dira lanean.
“Formakuntza egin genuenean konturatu ginen kooperatibak dituen baloreak gure taldearekin bat egiten dutela”, azaldu dute. “Guretzat oso garrantzitsua izan da, orain badakigu balore horiek konpartitu ditzakegula taldean baina baita beste talde batzuekin ere”.
Bidelaguna “begiak ireki” zizkiela dio Saioa Royok. “Konturatu ginen ikertu behar genuela zein prezio jarri, nola kontrolatu zenbat lan ordu egiten ditugun, materialak, lokala bilatu behar genuela, kontratazio arloa…”.
Bukatzeko, gonbitea luzatu du Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan parte hartzeko: “Han ezagutuko dituzue beste pertsona batzuk egoera berdinean, bakarrik ez zaudetela konturatuko zarete, ikasiko duzue pila bat, ze askotan ilusioa daukagu baina askotan ez dugu jakiten ze lan dagoen atzean. Komunikazio plana, Barne araudia… Formakuntza eta bidelagunaren bidez, gauza horiek zehaztu egingo dituzu”.