KoopFabrikako esperientzia: Irule abokatuak kooperatiba

[KF Esperientzia]: Irule abokatuak kooperatiba – Garazi Plazaola Ugarte

KoopFabrikan proiektu bizien bidelagun gara. Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan parte hartu zuen Garazi Plazaola Ugartek eta Irule abokatuak kooperatibako kideek KoopFabrikaren bidelaguntza jaso dute.

Irule abokatuak kooperatiba Hernanin kokatuta dago. Iturolan egin zituzten lehen pausoak eta orain lokal propioa dute. Genero marka izan dezaketen eremuak jorratzen dituzte: familia eta indarkeria matxista, sexu erasoak… Formakuntzak ere eskaintzen dituzte eta baita aholkularitza juridikoa ere.

KoopFabrikako Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan izandako parte-hartzeaz galdetuta, Garazik nabarmendu du oso garrantzitsua izan zela euren proiektuaren sorreran. “Lehenbizi, Ekonomia Sozial Eraldatzaile horretan jantzi eta hori guk nola barneratu genezakeen gure proiektuan aplikatzeko, eta bestalde, mundu berri bat, non jende asko zebilen lanean ideia horren bueltan eta gauza oso interesgarriak sortzen”.

Jasotako bidelaguntzaren inguruan, aitortu du hasieran ezagutu aurretik “deskonfiantza” sentitu zutela, “nola bidelagun batek, ez zekiena ezer gure lan eremuari buruz, nola lagundu ahal zigun proiektua aurrera eramaten”. Baina bidelaguntzaren ondoren aitortu du: “Guk beti esaten dugu Ainhoa, gure bidelaguna, Iruleko parte dela. Pila bat lagundu zigun eta bera asko zentratu zen hasieran lan taldearen kohesioan eta armonitzatzen, zeintzuk ziren helburuak, zergatik, zertarako… Horrek eskemak pixka bat puskatu zizkigun, ze gu zerbitzuetan ari ginen pentsatzen”.

Scroll to Top