Hirigrama kooperatiba - Haritz Iparragirre Iartza

[KF Esperientzia]: Hirigrama kooperatiba – Haritz Iparragirre Iartza

KoopFabrikan proiektu bizien bidelagun gara. Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolan parte hartu zuten Haritz Iparragirre Iartzak eta bere Hirigrama kooperatibako kideek eta KoopFabrikaren bidelaguntza jaso dute.

Hirigrama kooperatiba lau kidek osatzen dute eta Donostian dute euren bulegoa. Hirigintza eta arkitektura aholkularitza eta lan teknikoak egiten dituzte, betiere sentsibilitate berezi batekin, bai ingurumenarekiko, bai aspektu sozialarekiko.

Lau kideek KoopFabrikan parte hartu zuten eta kooperatiba sortzerako prozesuan jasotako laguntza ezinbestekoa izan dela kontatu digu Haritzek. “Bidelaguntza izan zen guretzako oso garrantzitsua. Gu dagoeneko sorturiko enpresa batetik gentozen, langile eta nagusi ginen, eta kooperatiba izatera pasatu gara. Eta trantsizio horretan, oraindik trantsizio horretan gaude, bidelaguntza oso garrantzitsua izan da”.

Nabarmendu du jasotako laguntza ez dela egin beharreko bide administratibora mugatu. “Batez ere landu dugu gure barne antolaketa, nola kudeatu barneko funtzionamendua, zeri eman garrantzia momentu oro…”.

Eta aholkatzerako garaian, ez du zalantzarik: “Gonbidatuko nuke kooperatiba bat sortzera ahal duen jende gehiena, funtzionatzeko beste modu bat delako, ez dena ohiko modua, eta KoopFabrika bidez eginez gero, laguntza handia jasoko du, bai teorizazio mailan baina baita eguneroko praktikan ere”.

Scroll to Top