Aurtengo edizioak ez du Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikorik izango, baina Olatukoop, Gezki eta Lankiren interkooperazioari eta baliabideei esker egingo du aurrera.
Proiektu ekonomiko kooperatiboak eta komunitarioak martxan jartzen laguntzeko eskolaren 9. edizioa abiatuko dugu urtarrilean eta izen-emateak zabalik daude dagoeneko atari honetan. Pasa den ostegunean aurkeztu genuen edizioa Donostian eta aurten 5 formazio-saioz eta 2 bidelaguntza kolektiboz osatuta egongo da Eskola. Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan izango dira saioak, urtarrilaren 28an hasita, astearteetan, 16:00etatik 19:00etara.
Formazio-saioen gaiak ondorengoak izango dira:
- ESE eta kooperatibismoa
- Ekonomia feminista eta antiarrazista
- Komunitatea eta lurralde-eraldaketa
- Lan-arloa eta administrazioa
- Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzazioa
Bost saio horiek amaitzean, martxoaren 11n eta 25ean bi bidelaguntza kolektibo egingo ditugu. Saio horietan KoopFabrikako bidelagun taldeko kideek proiektuetan hurrengo pausoak ematen jarraitzeko laguntza eskainiko diete ekintzaileei.
2017an abian jarri zenetik, 725 pertsonak parte hartu dute eskolan eta 75 proiektu inguru jarri dira abian, nagusiki kooperatiba eta elkarteak. Prozesuan zehar, 150 erakundetik gora saretu gara eta 150 proiektu bidelagundu ditugu. Horretaz gain, KoopFabrikaren metodologian oinarritutako beste hainbat proiektu jarri dira martxan Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Esperientzia horietako bi ezagutzeko aukera izan genuen aurkezpenean. Saioa Royo JantzizLab-eko bazkidea da, arte eszenikoekin lotutako jantziteria egiten duen kooperatiba. Azaldu zuen KoopFabrikak “errealitatera” ekarri dituela. “Bost kide gara eta barne araudi bat nola egin oso garrantzitsua da guretzat, administrazioan zein bide hartu behar diren eta ‘excel’ horiek guztiak nola egin, diru-sarrerak, gastuak… Konturatu gara kooperatiba bat izateko jaio dela talde hau, estruktura onena dela, benetan berdintasunean egingo dugulako lan”.
Mazedonia diseinu estudioak, berriz, produktuen diseinua eta ekonomia zirkularreko lantegiak egiten dituzte. Bertako Gorka Sanchezek azaldu zuen KoopFabrikak formakuntza teoriko oso sakon bat eskaini diola eta ondoren, “bidelaguntzak lagundu zidan jasotako formakuntza teoriko horren guztiaren lurreratze praktiko bat egiten. Barne antolakuntzarako tresna asko jaso genituen, altxortegia antolatzeko, barne araudia, estatutuak formulatzeko… prozesu hori guztia hasieratik amaierara eramaten lagundu ziguten”. Proiektu kolektiboen parte izatea eta saretzea ezinbesteko jo zuen euren jarduera aurrera eramateko.
Edizio murriztuagoa
Edizio hau, 8 urteren ondoren, GFAren babesik gabe eramango dugu aurrera, hiru eragileren arteko interkooperazioari eta baliabideei esker: Olatukoop (Euskal Herrian Ekonomia Sozial Eraldatzailean jarduten duten kooperatiba, elkarte eta erakundeen sarea), Gezki (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta Lankik (Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia). Euskal Herriko herritarren zerbitzura egongo den ekonomia sustatzeko ezinbesteko tresna dela sinetsita, modu honetan aurrera egitea erabaki dugu. Eragile ezberdinen artean pentsatuz, laster KoopFabrika herri eta eskualde ezberdinetara hedatzeko lanean ari gara.
Badakigu datozen urteetan erronka sozioekonomiko handiak datozkigula, eta, horiei erantzuteko, ekonomia sozialak eta ekintzailetza kooperatiboak erantzun erresiliente, iraunkor eta bizigarriak eskaintzen dizkigula ikusi dugu urte hauetan guztietan. Orain, momentua da, beraz, ekiteko modu hori guztia beste eragile soziekonomikoei eta administrazio publikoari helarazteko eta tokian toki burujabetza ekonomikoa lantzekoa.