Proiektu profesional eta ekimen sozioekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programaren aurreko edizioetan dagoeneko 680 pertsonak hartu dute parte, 69 proiektu jarri dira abian eta 135 proiektuk jaso dute bidelaguntza.
KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola abenduaren 11n abiatuko da eta 12 formazio saio izango dira, otsailaren 7ra arte. Proiektu ekonomiko kooperatiboak eta komunitarioak sortzeko prozesuan laguntza ematen du eskolak, proiektuen atal ezberdinak landu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean kokatzeko ikasgaiekin.
Pasa den astean aurkeztu genuen 8. edizioa Cristina Enea Fundazioak Donostian duen egoitzan. Izan ere, aurtengo nobedade gisa, formakuntza saio guztiak Cristina Enea Fundazioan izango dira, astelehen eta asteazkenetan, 16:00etatik 19:00etara. Izen-ematea doakoa da. Formakuntzen ondotik, bidelaguntza edo akonpainamendu-aldia eskainiko du KoopFabrikak, hala behar duten proiektuentzat.
Olatukoop, Lanki (Mondragon unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia) eta GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) dira KoopFabrikaren sustatzaileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Departametuak finantzatzen du proiektua.
2017an abian jarri zenetik, proiektu bizien bidelagun izan da KoopFabrika. 680 pertsonak hartu dute parte, 69 proiektu jarri dira abian eta 135 proiektuk jaso dute bidelaguntza. Horretaz gain, Ekintzailetza Sozial Kooperatiboko hainbat programa eta proiektu sustatu dira, Gipuzkoan zein Euskal Herriko beste lurraldeetan.
Kataluniako esperientzia inspirazio iturri
Edizio honen aurkezpenean Katalunian Ekonomia Sozialaren inguruan ematen ari diren urratsak ezagutzeko aprobetxatu nahi izan da eta Ateneu Kooperatiboen inguruan bere esperientzia kontatzeko, Donostian izan zen Hernán Córdoba Mendiola, besteak beste Xarxa d’Ateneus Cooperatius-eko kide dena.
Ateneu kooperatiboei esker, ekintzailetza kolektiboa, eraldaketa soziala eragiten duten proiektu sozioekonomiko berriak eta kalitatezko lana sustatzen dira Kataluniako lurralde osoan zehar. Izan ere, elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioari esker, dagoeneko 14 Ateneo daude martxan, Ekonomia Sozial eta Solidarioko 360 eragile baino gehiago saretzen dituztenak.