KoopFabrikako izen emate epea zabalik… etengabe!

Aspaldian eman nahi genuen berriarekin gatoz KoopFabrika osatzen dugun eragileak. Aurtengo ikasturterako martxan garela esatearekin batera, aurrerantzean KoopFabrikako ibilbidea egitea errazagoa egingo duen antolamendu berria aurkeztu nahi dizuegu. Hiru ataletan banatutako ibilbide zurruna izatetik, proiektuei bidelaguntza eskaintzeko eredu malguagora egingo dugu jauzi. Nola?

Urteko edozein unetan KoopFabrikan izena emateko aukera zabalduz. Izen ematearen unean Koopfabrikako lantaldea martxan jarriko da, proiektua eta bere beharrak ezagutzeko.

Proiektu bakoitzari bere ibilbidean lagunduko dion tutorea esleituko zaio hasieratik. Ekintzaileekin batera ibilbidea eta helburuak zehazteko, ekintzarako karpetako tresnak lantzeko eta ekintzailetza prozesuaren jarraipena egiteko bidelaguna izango du proiektu bakoitzak hasieratik, bere erritmoetara hobeto egokitzeko.

KoopFabrikako beste parte hartzaileekin elkartrukerako eta formaziorako eskaintza zabala eskainiko da. Formazio hauek jasotzeko proiektu bakoitzarentzat beretzako egokiena den formatua hautatzeko edo haien artean konbinatzeko aukera izango du.

  • KoopFabrika trinkoa. Ekintzailetza sozial eta kooperatibo prozesuan buru-belarri sartzeko denbora dutenentzako saioen segida trinkoa.
  • KoopFabrika ibilbidea. Haien ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren ibilbidea bestelako lan edo ikasketa jarduerarekin konbinatu behar dutenentzako pentsatua.

Datozen asteetan xehetasun gehiago eskaini ahal izango dizkizuegu. Zure proiektua ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren baitan martxan jarri, egonkortu edo eraldatu nahi baduzu, eman izena KoopFabrikan.

Scroll to Top