Zenbakiek gutxi dute erromantikotik. Iraultza handien kontakizunetan ez da ia zenbakirik aipatzen. Aspertu egin ohi gara gutako asko, zenbakiez luze hitzegiten dugunean. Sarri ez ditugu gure parean ikusi ere egin nahi. Baina hor daude. Ezin diegu ihes egin eta gure proiektuek aurrera egingo badute eurekin adiskidetu beharko gara.
Esan ohi da, hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera bat dakarrela berekin. Ez dela berdina, mundua euskaratik edo ingelesetik pentsatzea. Matematikaren hizkuntzatik edo artearen ikuspegitik pentsatzea berdina ez den gisan. Erregistro bakoitzak mundu ikuskera bat dakar berekin, ez dira neutralak. Horrek ez du esan nahi, bata bestea baino hobea denik, desberdinak dira soilik.
Bada, gaurko saioan zenbakiez aritu gara hizketan. Aholku Kooperatibako kideek, askotan izan ohi ditugun buruhausteei aurre egiteko tresnak jarri dizkigute mahai gainean. Eta orain gutako bakoitzaren proiektuan, tresna horiek hartu eta gurera egokitzeko ariketa egin beharko dugu. Ez da erraza izango. Baina esparru honetan ere ahalduntzea ezinbestekoa da, beste batzuen atzaparretan erori ez gaitezen.
Finean, ekonomiaren alorrean ere bizitzako gainontzeko eremuetan gertatzen den berdina gertatzen delako. Menderatzen ez dugun gai, lan edo erronken aurrean bi jarrera hartu ditzakegulako: Trebatu, elkartu eta gai horren inguruan norbanako zein kolektibo gisa ahalduntzea, edo gure erabakitzeko gaitasuna, ustez dakiten beste batzuei uztea. Laburbilduz, emantzipazioa ala sumisioa. Aurrekoan Gorka Juliok Berrian teknologiaz idatzitako aipua ekonomiaren alorrera ekarriaz: Ekonomia kontrolatzen ez dugun bitartean, ekonomia kontrolatzen dutenek kontrolatuko gaituzte.
Andoni.