TutoreFormazioa, proiektuen bidelagun izateko ikasten ari gara

Nola egin gure proiektua bizigarri? Nola osatu proiektua aurrera eramateko lantalde egokia? Nondik lortu finantziazioa? Nola kudeatu talde gatazkak?

Zalantza eta galdera asko sortzen dira proiektu bat errealitate bilakatzeko pausoa ematerako bidean. Une horretan, ezinbestekoa izaten da nolabaiteko gidaritza bat izatea, alegia, proiektua ongi osatuta dagoen edo ez esango digun hori alboan izatea, bidea argituko diguna.

KoopFabrika-ren filosofiak pertsona jartzen du proiektu ororen erdigunean eta, hori dela eta, ezinbestekoa da proiektu bakoitzak bere bidelaguna izatea hasieran. Hilabete gutxi barru TutoretzaFabrika fasea hasten denean, KoopFabrika-n parte hartzen diren proiektu gehienek bidean lagunduko dien pertsona beharko dute alboan.

Baina, edonor izan al daiteke ekonomia sozial eta eraldatzailearen baitan hazten ari den proiektu baten tutore?

Argi eta garbi, ez. Alde batetik, beharrezkoa da ekonomia egiteko modu hau barneratuta duten pertsonak izatea akonpainamendu lan hau egingo dutenak. Bestalde, proiektuak ongi bideratzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da ere. Eta azkenik, tutoreak tutorizatuko duen proiektuaren arloa ezagutzea garrantzitsua da.

Hori dela eta, KoopFabrika-ren baitan lau TutoreFormazio saio burutuko dira. Lehena martxoaren 21ean ospatu zen Eskoriatzan eta bi arlo landu genituen Lanki ikertegiko Aritz Kanpandegiren eta Talaios kooperatibako Beñat Irasuegiren eskutik. Hasteko, kooperatibagintzaren jatorriaz, igaro diren fase ezberdinetaz eta gaur egungo olatu berriaz aritu ginen.

Horren ostean, proiektu bakoitza ekintzailetza kooperatiboaren matrizean nola kokatu landu genuen kasu zehatzen bidez.

Amaitzeko, tutorizatuko ditugun proiektuen zailtasunak zeintzuk izango diren aurreikusteko ariketa egin genuen, bakoitzaren esperientzia oinarri. Horri lotuta, KoopFabrika-ren baitan erabiltzen hasi diren Tresnen Kutxa-ko tresna ezberdinak ezagutu genituen.

KoopFabrika-n #BadagoAldea eta horretan zeresan handia izango dute TutoreFormazio hauen ostean bidelagun izateko prest egongo diren pertsonek.

Mikel Olaiz – TaPuntu kooperatiba

Scroll to Top