Ekintzailetza sozial kooperatiboan oinarrituz, proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da KoopFabrika eta gaur aurkeztu dugu Donostian ikasturte honetarako plangintza.
Aurkezpenean izan dira KoopFabrikaren antolakuntzan dauden Olatukoop, Lanki (Mondragon unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegia) eta GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta programaren finantzatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Departametuko ordezkariak.
Aurten, Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola urtarrilaren 23an abiatuko da eta hamabi formakuntza saio izango dira, astelehen eta asteazkenetan, martxoaren 1era arte. Donostian egingo dira saioak, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta izena emateko epea urtarrilaren 16ra arte izango da zabalik koopfabrika.eus webgunean.
Eskola honen ondotik, bidelaguntza edo akonpainamendu-prozesua eskainiko du KoopFabrikak maiatza-ekainera bitarte, hala behar duten proiektuentzat. “Horretarako, KoopFabrika ekosistema honetan zeresan handia duten bidelagun-sarea jarriko dugu proiektuei beraien ibilbidean, modu pertsonalizatuan laguntzeko”, azaldu du Leire Udabe Aizpuruak, KoopFabrikako koordinazio taldeko kideak.
Horretaz gain, KoopFabrika Zabaltzen izeneko saio batzuk egingo dira Gipuzkoako toki ezberdinetan, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen eta Ekintzailetza Sozialaren inguruko hainbat gai jorratzeko. Saio horien helburua, gai ezberdinen bitartez, Ekintzailetza Sozialera eta, beraz, KoopFabrikara hurbiltzea izango da.
Aldundiaren izenean, Joseba Amondarain Senperenak KoopFabrikaren hiru balio nabarmendu nahi izan ditu: Euskara, kooperatibismoa eta emakumeen parte hartzea, baita pertsonekiko eta lurraldearekiko konpromisoa ere.
Esperientzietatik ikasten
Izan ere, hamarnaka proiektu bidelagundu dira urte hauetan zehar. 2017an abian jarri zenetik, proiektu bizien bidelagun izan da KoopFabrika, “modu batean edo bestean gure jendartearen eraldaketan dihardutenak, bizirik dauden proiektuak. 400 pertsona baino gehiago igaro dira formazio eta sustapen-saioetatik eta 100 proiektu inguru bidelagundu ditugu”, azaldu du Udabek. “Uste dugu lanean jarraitzeko oinarri indartsua ematen digutela eta datuok erakusten digutela KoopFabrikako prestakuntza eta ezagutzak ondoren baliagarriak zaizkiela proiektu horiek martxan jarri nahi dituzten kolektiboei”.
Horren adibide, aurkezpenean parte hartu dute gaur KoopFabrikan parte hartuta abiatutako hainbat proiektuk. Unax Seges Intxausti, Herrerako Auzo|co sukaldea proiektuko kidea da. “Guk buruan genuen ideia errealitatera eramateko baliabideak eman dizkigu KoopFabrikak. Ikasketa bat izan da sukalde komunitario bat sortzea. Enpresa moduan sortu baina lan komunitarioan oinarrituta dagoena”.
Maider Gaztelumendi Fagoaga, Luma moda etikoa proiektuaren sustatzailea da eta adierazi du Koopfabrikari esker lan lerro soziala irekitzeko apustua egin duela. “Hasi nintzenean, nik enpresa plan bat egin nuen autonomo bezala, baina KoopFabrikak eskaini dit plan horretan beste balio batzuk kontutan hartzea. Bidelaguntza ere oso interesgarria da, formakuntzaren ondoren laguntza handi bat ematen digu”.
Talaios kooperatibako kide eta KoopFabrikako bidelagun den Gorka Julio Hurtadok esan du “badago aldea” esatetik “badago aldaketa” sentitzera pasatu direla. “Sumatzen ari gara gure bidelaguntzek sortzen dutela aldaketa bat. Prozesu bat den heinean, aldaketa ez da bakarrik proiektuan gertatzen, aldaketa sortzen da bilatzen dugun eraldaketa horren bidean”.