Kultura eta ekonomia soziala, egiteko eta eragiteko beste modu bat

“Nor da gure sorkuntzaren jabe? Kultura ekonomia sozialaren ikuspegitik” jardunaldia egin genuen Donostiako Dokan pasa den ostiralean. Bertan, hainbat motatako sortzaile eta kooperatibatako ordezkarik hartu zuten parte eta esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izan genuen.

Idoia Telleria Maritxalar Olatukoopeko kideak sarreran azaldu zuen jardunaldi hau antolatzearen zergatia: hainbat kultur sortzailek “aspalditik izan dugu kultura eta ekonomiari buruzko hausnarketa egiteko gogo edo beharra. Gehienetan modu independente eta inkonexoan egin izan ditugu hausnarketa hauek, beste sortzaileengana iritsi gabe. Jendartean eragiteko eta eraldatzeko beharrak ekarri gaitu hona”. Jardunaldian hiru motatako eragile eta esperientziak entzuteko aukera izan genuen: sortzaile autonomoak, kultur kooperatibak eta kultur kooperatiben sareak.

Sortzaile autonomoez eta saretzeaz aritu ziren Artaziak kooperatibako Ana Revuelta Andres eta Dinagu kolektiboko Karmele Salsamendi Olasagasti eta Uxue Bereciartua Lombide. Eta Idoiak galdera bat luzatu zien: “Emakume sortzaileak gutxi gara edo gutxiagotuta gaude? Nola kooperatibizatu kolektibo kulturalak eta nola komunitarizatu egitura kulturalak?”.

Euskal Herriko emakume sortzaileen kolektiboa da Dinagu. 3 urteko ibilbidea duen proiektua da eta pixkanaka hazten doana. Beraien asmoa, emakume sortzaileen lanaren ikusgarritasunean jardutea da. Elkarlanari bide eginez, elkarrekin ahaldundu nahi dute, egoeraz hausnartu eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimen berriak sortuz. “Hainbat emakume sortzaile bildu ginen batak bestearen beharrak asetzen laguntzeko, euskaraz eta Euskal Herritik bertatik sortuz”, azaldu zuen Karmelek. “Gure azokak ahal bezain zabal eta anitzenak izan daitezen saiatzen gara, toki bakoitzeko sortzaile, kulturgile edo ekoizleekin guneak partekatuz. Ikuspegi ekonomikotik ere babestuagoak sentitzen gara batera“, gaineratu zuen Uxuek.

Artaziak hezkuntza artistikoa eta bitartekaritza kulturalean aritzen den gizarte ekimeneko kooperatiba da. Praktika eta metodologia artistikoak, ezagutzen partekatzea, eta eraikuntza eta eraldakeratako tresna baliagarriak diren ikasketa-prozesuak bultzatzen dituzte. Anak azaldu zuen arte hezkuntzan, bitartekaritzan eta mediazioan aritzen direla nagusiki, “Euskal Herrian zehar askotariko proiektuetan. Akatsa izan zen eredu kooperatiboan hasieratik ez pentsatu izana, baina KoopFabrikan formatu ondoren aldaketa egin genuen”.

Kooperatiba herritarrak

Azpeitiako Kulturaz Kultura osotasunean sustatzeko kooperatiba herritarra da. Kultur ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa lantzen dute. Gaur egun, Sanagustin kulturgunea, Soreasu Antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen dituzte. Bertako Aitor Bengoetxea izan genuen jardunaldian gonbidatu, eta horrela azaldu zuen euren ibilbidea: “Kultur mahaia sortu genuen lehenik. Gero elkarte izaeran gorpuztu zen eta Kulturaz kooperatiba eratzeko pausoa eman genuen, azkenik. San Agustin kulturgunea kudeatzen hasi ginen eta kudeaketa eredu propioa sortzen ari gara, esperientzian oinarrituz”.

Kooperatiba izaera horretatik, gaineratu zuen egiteko moduak aldatzen diren momentutik, beste gauzak ere aldatzen direla: “Parte hartzetik parte izatera pasatzeko proposamena egin dugu. Eta uste dut horregatik urratu dugula bidetxo bat”.

Azkenik, Kataluniako esperientzia interesgarri bat gertuagotik ezagutzeko aukera izan genuen. Culturacoop Bartzelona hiriko kultur sektore desberdinetako dozenaka kooperatiba batzen dituen kooperatiba-elkartea da. Bertako kidea da Eloi Aymerich Casas, ikus-entzunezko zuzendaria, kultura-ekoizlea eta idazlea.

“Culturacoop oso kontestu zehatzean jaio zen. 70-80. hamarkadetan kooperatiben boom moduko bat eman zen. Krisi ekonomikoa gertatu zenean jende asko lan gabe geratu zen eta bere lana antolatzeko moduen bila hasi zen”, azaldu zuen. “Erakundeek Katalunian ekonomia soziala sustatzeko baliabide asko jarri zituzten eta kooperatiba asko sortu ziren, baina pandemiak bakartuta utzi zituen. Konturatu ziren batera egoteak indarra ematen ziela eta erresilientzia areagotzen zuela”.

Bere ibilbidea ezagutarazteaz gain, aurrera begirako erronkak ere izendatu zituen: “Daukagun erronka nagusiena konfort eremutik ateratzea dela esango nuke. Kultura egiteko modu honek ahal bezainbeste eremu kutsatu edo inbaditzea beharrezkoa dela uste dut, inpaktu gehiago izatea. Gure eremu txiki eta itxietan eragitea ez da nahikoa”. Eta gaineratu zuen kultura irisgarri egitea ere badela erronka garrantzitsu bat. “Norekin eta norentzat ari gara? Nola egiten dugu kultura komunitarioa zabalagoa izan dadin? Kultura desberdinkerietan eragiteko moduan pentsatu behar dugu”.

Topaketa honen ondoren ildo honetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten bertaratuek, beraz, laster izango duzue hurrengo ekimenen berri.

Scroll to Top