Asko hitzegiten dugu kontzientziaz, baina gutxi desiraz. Mundu bizigarriago bat eraiki nahi dugunon ahotan sarri aurkitu daiteke kontzientzia hitza. Gure zeregina egia lau haizetara zabaltzea balitz bezala. Kontzientzia sortzea. Jendeari, bere bizitzak zerk eta nork zanpatzen dituen erakutsi beharko bagenio bezala. Sarritan ahaztuta, gutako bakoitzak bere gorputzean eta egunerokoan pairatzen dituela zapalkuntza hauek.
Egia da, zapalkuntza hauei izen abizenak jartzea garrantzitsua dela. Ezinbestekoa. Eta hauek posible egiten dituzten estrukturak azaltzea, estrukturak eurak aldatzeko oinarrizko baldintza dela. Baina nahikoa al da horrekin? Nahikoa al da jendeari zapalkuntzez hitz egitearekin? Nahikoa al da kontzientziarekin?
Sarri ahaztu egin ohi zaigun arren, kapitalismoak kontzientzia baino desira sortzen du. Alegia, kapitalismoa oinarri duen bizimodua desiragarri bihurtzen du, beste aukerarik ez balego bezala. Eta horren jakitun zein partaide egiten gaitu egunerokoan. Gara, egunerokoan. Pelikuletan, serieetan, eskoletan, hirietan, gure bizitzak garatzen ditugun ia espazio guztietan bizi molde kapitalistekiko desira sortzeko estrategiak eta ekintzak aurki daitezke.
Bada mundua beste balio batzuen gainean eraikitzen ari garenok, pentsatzen hasi beharko dugu nola egiten ditugun bestelako bizimoduak ere desiragarri. Jendeari bere bizitza zein txarra den esatea baino, akaso egokiagoa delako, bere bizitza bizigarriagoa nola egin azaltzea, edo bizi molde bizigarriagoak desiragarri bihurtzea. Eta horretarako komunikazioan trebatzea, komunikazioaz pentsatzea eta komunikatzea dagokigu. Komunikazioa ez delako soilik mezu bat. Komunikazioak mundua ikusteko betaurreko batzuk edo besteak janzteko bidea erakusten digulako. Komunikazioak, posible denaren eta ez denaren arteko muga lausotzen lagundu diezakegulako. Ahaztu gabe, proiekturik gabe, alferrik komunikatuko dugula.
Andoni.