KoopFabrikaren hirugarren astea Debagoienean burutu zen martxoaren 15-16 eta 17an.
Asteazkenez, Ivan Miróren Saioa izan genuen Eskoriatzako Huhezi Fakultatean. La Ciutat Invisible kooperatibako Ivan Miró kataluniarrak saioaren lehen zatian, Ekonomia Sozialari lotutako kontzeptu teoriko batzuk azalduko zizkigun eta Kataluniako ekonomia sozialaren historia azaldu zuen. Bigarren zatian, berriz, Beñat Irasuegik Ivan Miró elkarrizketatu zuen eta elkarrizketa bidez Bartzelonako errealitate sozioekonomikoa, Sants Auzoko proiektu ezberdinak eta estrategiak ezagutu ahal izan genituen: Sants: auzo kooperatiboa, Coopolis, Cantballo eta Bartzelona ekonomia sozial eta solidarioaren mapa.
Euren errealitate eta praktikatik abiatuz, Ivanek kooperatiba tresna gisa ulertzen dutela aipatu zuen. Kooperatibak pentsamendu kritikoa landu behar duela eta era berean, pertsonaren dimentsioa eta soziala zaindu eta elikatu. Betiere, komunitatearekin harremanean. Lurralde dimentsioa pentsatzearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Sektoretik haratago kooperatiben artikulazioa bultzatu eta sustatzea, dimentsio sozio-politikoa emanez eta errealitate kooperatiboa elkarrekin eraikiz.
Ostegunez, Arrasateko Garaian elkartu ginen eta, euskara eta berrikuntza soziala ardatz dituen Emun Kooperatiba ezagutu genuen. Emunek 20 urteko ibilbidea du, hiru kidek jarri zuten martxan eta gaur egun 80 lagun inguru dira. Euskara lan munduan normalizatzeko bokazioz jaio zen. Amets bat zena errealitate bihurtu dutela ezagutzeko aukera izan genuen. Bejondeiela!
Bigarren zatian, Banaiz Bagara elkarteak hizkuntz tailerra eskaini zigun, bertan euskaraz ez dakitenei euskaraz nola zuzendu landu genuen. Gorputz adierazpena eta ahozkera zainduz. Azkenik, Ekitermik ezagutu genuen, efizientzia energetikoaren bueltako kooperatiba gaztea.
Ostiralean, berriz ere Eskoriatzako HUHEZIn elkartu ginen eta bertan Hiritik At elkarteko Ibai Esteibarlanda eta Andoni Egiaren eskutik Tokiko garapenerako sareak- Harremanen mapa tresna ezagutu eta landu genuen.