Baina zertan dago aldea? Galdera zehatza datorkigu segituan burura izenburuko baieztapena irakurtzean. Zerk desberdintzen gaitu bestelako proiektu eta ekimen sozioekonomikoetatik? Zertan gara desberdinak? Eta sar gaitezke abizen politen gudan, baina, ekintzaileen espazioetan ohikoa den gisan, garrantzitsuena ez dira abizenak, hain justu, egiten dugun horrek ematen baitio benetako balioa gure proiektuak definitzeko erabili ohi ditugun abizen ponpoxoen zerrendari.
Bada, abizenen autokonplazentzian ez erortzeko asmoarekin, urtebeteko prozesuaren ostean ondutako adierazle sistema azaldu digute KoopFabrikako kideek. Gure ekimena zertan den eraldatzailea eta zertan ez definitzen laguntzeko. Ez noski ariketa estatiko gisa. Etengabeko prozesu batean jarraitu beharreko iparorratz moduan erabiltzeko baizik. Errealitatea etengabeko mugimenduan dagoen prozesu gisa ulertzen dugulako. Eta guk ere gure proiektuen errealitatea aldatzeko zeregin eta ardura dugulako.
Non gaude galdera baino, nora goaz galdera jarri digu adierazle sistemak mahai gainean. Etengabe gure buruak egiten ez dugun horrekin zigortzen ibili baino, egiteko bideak jartzeko ardura dugulako. Gure proiektuak eurak ere eraldatzekoa. Eta askotan, intuiziotik ariketa hau egin ohi dugun arren, modu kolektiboan landutako galdera sorta baliatuz egiten badugu ariketa bera, espero ez genituen ondorio edo emaitzetara iritsi gaitezke. Askotan emaitza ezberdinak lortzeko, gauza ezberdinak egin behar baitira.
Adierazle sistema bera ere, ez da egi absolutuaren gordailua. Dinamikoa da. Eta ziur aski gaur den adierazle sistema hemendik hiru urtera ez da inondik inora berdina izango. Moldatzeko dago, jolasteko, eraldatzeko, egokitzeko. Gutako bakoitzaren errealitateari erantzuteko alegia. Nahiz eta oinarrian ideia berdina izango duten guztiek: Gure proiektuak eraldatzen jarraitzea, ingurunea eraldatzen jarraitu ahal izateko. Eta bai, horrelako galderak gure buruari egite hutsak ere, egitate bat frogatzen du: Badago aldea!
Andoni.