Batxilergoko lehenengo mailan geunden. Aurreneko urtea zen, atsedeneko orduan ikastolako eremutik atera eta herrian zehar ibiltzeko aukera genuena. Helduak sentitzen ginen. Besteek ez bezala guk atseden orduan tortila pintxoa jateko aukera genuelako. Gu baino urtebete gazteagoak izateagatik, hesiaren beste aldean geratzen zirenei ilea hartzen genien sarri. Aurrez guri egiten ziguten berdina egiten genien guk hurrengoei. Zer ikasi, hura egin.
Bada gogoan dut, urte hartan bizitako esperientzia zelebre bat. Batxilergoan, hiruhileko azterketa nagusiak aste batean kontzentratzen ziren. Azterketa astea deitzen genion horretan. Buruhausteen astea deitu izan bagenio, fidelagoak izango ginen berez zenarekin. Baina beno, itzul gaitezen harira. Aste horretako azterketen ordena irakasleek prestatu ohi zuten. Eta jakinarazi orduko hasten zen festa, kexuak, oihuak, negarren bat ere; finean gatazka. Bada egun batean, irakasleek honako erronka bota ziguten: Eta ordena zuek erabakiko bazenute?
Erronkari heldu eta ekin genion bideari. Gela berean elkartu ginen mailako dozenaka ikasleak. Baina nola hasi? Nola erabakiko genuen azterketen ordena, horren interes kontrajarriak edukita? Hasieran motel hasi zena, bizkortzen joan ginen minutuak pasa ahala. Eta bizkortu ahala tentsioa ere handitzen hasi zen. Ez genuen lortzen adostasunera heltzea. Eta halako batean irakaslea irribarre bihurri batekin sartu zen gelara, esperimentu sozialari amaiera ematera: Zer uste zenuten ba, gai izango zinetela?
Hori entzun bezain pronto, saiakeran gogotsu jardun zen ikaskide bat altxatu eta klase guztiaren aurrean irakasleari zuzendu zitzaion: “Zer uste genuen? Uste genuen, bagenekiela erabakitzen, baina bai ohartu gara, beti erabakiak hartuta eman dizkiguzuela, eta demokrazian ez bazara aritzen, ez dakizula demokrazian aritzen. Erabakitzen, erabakiz ikasten dela.”
Bada, berdina gertatzen da gure proiektu, ingurune edo bizitzetan. Erabakitzen ikasi egin behar da. Bestela, orain arte ikasitakoa errepikatuko dugu une oro. Beste modu batzuetan antolatu daiteke jendartea, has gaitezen ikusten, ikasten eta probatzen.
Andoni.