Hilabeteak izan dira, gure herrialdean ekonomia sozial eraldatzailea erreferentzi izango duten proiektu ekonomiko-sozialak sustatzeko formazio saio hauen prestaketan eman ditugunak. Dimentsio anitzeko azken krisi kapitalistak, argi utzi du egungo eredu ekonomiko soziala, bizitza beraren erreprodukzioa jartzen duela arriskuan eta horregatik, beste eredu ekonomiko baten nodo kooperatiboak sortzeko, dauden baliabide eta jakintzak jendarteratzea ezinbestekoa dela. Orain arteko esperientziak aintzat hartu, eta Beterritik, Debagoienatik eta Oarsoaldeatik ekonomia sozial eraldatzaileari bultzada berri bat emateko jarri gara martxan.
Tresnak, baliabideak eta harremanak eskaintzera dator “KoopFabrika”. Zorionez, bada jendea desira eta proiektu pertsonaletatik hasita erronkari eusteko prest dagoena. Honen baieztapen, Beterriko Garapen Integralerako Agentzian, asteazkenen honetan KoopFabrikako aurkezpen saioan bilduriko 35 partaideak.
Lehen saio hau, elkarri aurpegiak jarri eta bakoitzaren behar, desira eta proiektuetara hurbiltzeko izan zen baliagarria. LANKItik Arianne Kareagak, eta Beterriko Garapen Integralerako Agentziatik Andoni Egiak, KoopFabrika egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta horren baitan hastear ginen #01 modulua: FormazioFabrika. Gainontzeko antolatzaileek beren burua aurkeztu eta programarekiko espektatibak azaldu ostean, partaideen txanda izan zen. Banan bana bertaraturiko 35 ekintzaile sozialek, beren burua aurkeztu eta buruan zuten proiektua kartulina batean hitz edota marrazkiz irudikatu zuten, ondoren lurrean uzteko. Errondaren ostean, baturiko talde humanoaren eta esku artean genituen proiektu ekonomikoen potentziala argi geratu zen.
Hurrengo eguna, definitiboki martxan jartzeko eguna izan zen. “Ideigintza” tailerra izan genuen Hiritik Ateko Miren Lanz eta Iker Eizagirrerekin. Askotan idei ugari bai, baina horiek jendartearen onura bilatuko duten proiektu ekonomiko bilakatzea berehalako pausoa ez denez, horretan laguntzeko tresnak aurkeztu eta landu ziren. Hezkuntza, zaintza, artea edota elikadura bezalako sektore ezberdinetan, lan taldeka bilduaz, balizko proiektu ekonomiko bati forma ematea izan zen erronka. Eztabaida kolektiboz, adostasunetara iritsiz, eta ikuspegi soziala ez galtzeko “Canvas Soziala” bezalako tresnak erabiliaz, enpresa sozial ideiak izan ziren definituak. Ondotik, talde bakoitzak guztioi azaldu zigun jada proiektu ekonomiko bihurturiko hasierako idei hori.
Ostiralean, Gabriel Zelaia eraikinetik atera, eta egun ekonomia sozialaren praktikatik jarduera ekonomikoa aurrera daramaten esperientziak ezagutzera joateko eguna izan zen. Lehenik Lasarte-Orian kokaturiko Iametza egitasmoa bixitatzera joan ginen, zeinetan Argia euskal komunikabidea, Antza inprenta eta Adur programazio enpresak dauden. Argia bezalako komunikabide batek dituen formatu ezberdinen beharretatik (paperezko eta digitala) sortuak beste biak, elkarrekikotasun harreman batetik elkar elikatzen diren hiru proiektu. Argia-ko erredakzioan 80.hamarkadan “zeruko argia” izatetik “argia” izatera emaniko pausoaz jardun gara, eta baita ere azken urteetan beren barne funtzionamendua horizontalago eginez, ordainsari eta lan arduren banaketa orekatuaz lortu duten funtzionatzeko eraz aritu gara: langile denen inplikazio eta ahalduntzea sustatzen duen lanaren antolaketa eta exekuzioa. Azken hilabeteetan, “Argia komunitatea” indartzeari begira, harpidetza sisteman egindako aldaketak ere hizpide izan ditugu, ideia argia: bezerotik “argi komunitateko kide” izatera pasatzea, komunitateko kide bakoitzak dituen behar eta ahalak kontutan edukiaz, Argiako lantalde eta beren oinarri den komunitatearen arteko harremanak desmerkantilizatuz. Ez da makala erronka.
Honen ostean, Antza, “Euskaldunon egunkaria”-ko lehen alea inprimatu zen, eta egun etengabe Argiak-inprimatzen dituen inprentara joan gara. Hemen, filosofia antzekoarekin jardun arren, lanaren antolaketa ezberdina, makinek asko bait dute esateko.
Lasarte-Oriako poligonotik, Hernanira egin dugu buelta, Karabeleko etxaldera. Bi urte badira, agroekologia eta gaixotasun psikikoa duten pertsonen eskubideak sustatzeko helburuarekin, negutegi ugariz ornitutako etxaldean proiektua martxan jarri zenetik. Bertako bi kidek, auto-sufizientzia ekonomikoaren eta askatasunaren arteko harreman estuaz hitz egin digute, eta baita hau lortzeak dakarren estutasun, ilusio, inplikazio pertsonal eta asebetetzeaz ere bai. Gaixo psikiko, baratzezain eta kolaboratzaile ugariren bitartez, Karabeleko etxaldean 120 otarrentzako (astero) barazkiak ekoizten dira eta jatetxe eta sukalde kolektibo ugarirentzat tokiko barazki ekologikoak eskaintzen dira. Gainera, neguan negutegi gabeko baratzen eskaintza mantentzeko dauden zailtasunak ikusirik, hau gainditzeko ikerketa lan lerro bat ere dute martxan. Hau dena, Urumea eta Hernanik herriko kaxkoaren artean dagoen etxaldean.
Elkarren arteko aurkezpen, tresna praktikoen ezagutza eta bizi-bizirik dauden esperientziak ezagutzeko izan da KoopFabrikaren lehen aste hau. Beste askok hasitako bidean, talde berri baten lehen urratsak izan dira, gelditzen diren beste denak emateko grin eta gogoak piztu dituenak.