27 dira aurtengo KoopFabrikaren formakuntza fasetik atera diren proiektuak. Horien atzean dauden dozenaka lagunak momentu berezi batean daude orain. Euren bizitza asko alda dezakeen erronka dute esku artean: proiektua paperetik praktikara eramatea; ikasgela eta bulegoetatik kalera. Ez dute bide hori bakarrik egingo ordea. KoopFabrikako formakuntza nagusiarekin paraleloan, tutore eta sustatzaile lana egiten ikasteko saioak ere egin ditugu aurten. Bertan parte hartu dutenak izango dituzte bidelagun.
Bi aste dira proiektu bakoitzari tutore bana ezarri zitzaiola. Geroztik, hurrengo pausoak zeintzuk diren argitu eta pixkanaka ematen ari dira denak. Beñat Irasuegi Ibarra da tutore horietako bat. Proiektuak martxan jarri nahi dituztenentzat antzeko esperientziak izan dituen bidelaguna izatea oso garrantzitsua dela dio: “Lehenengo pausoetan laguntzeko, informazioa emateko, eta baita, azkenean atzera egiten badute, babesa emateko ere”. Lehengo urtean bost tutoreren artean egin zuten lana aurten hamabosten artean egingo dute. Irasuegik dioenez, mimo eta denbora gehiagorekin laguntzeko aukera eskainiko die horrek.
Tutore formakuntza, ezinbesteko
Bostetik hamabosterako jauzi horretan, ezinbestekoak izan dira tutoreentzako formakuntza saioak. Goiza eta arratsaldea hartzen zituzten lau saio praktiko-teorikoren bidez, 10 lagun gehiagok garatu dituzte bidelagun izateko gaitasunak. Ekonomia feminisita, talde kudeaketa, finantzak eta interkooperazioa jorratu dituzte.
Bide hori egin du Aran Erasun Urtzelaieta hernaniarrak. JABE programa garatu zuen iazko KoopFabrikan, eta beste proiektu batzuei bidea egiten lagundu nahi izan die aurten. Ekonomia sozial eraldatzailea hezurmamitzeko tresna gehiago eskuratu dituela dio, hazi egin dela bere begirada. Mesedegarri izan zaio KoopFabrikako balioekin bat datorren bidelaguntzak nolakoa izan behar duen hausnartzea ere. “Egitasmo ahaldunduak laguntzeko bidea da gurea, ez soilik aholkulariarena: finantza ikuspegian aholkularitza eskaintzea bezala, entzutea, ispiluarena egitea eta jabetze emozionala ere badira tutoreon zeregin eta modu”.
Lagundu, eta sustatu
Gorka Julio Hurtado izan da saio horiek koordinatu dituenetako bat, eta pozik dago emaitzarekin. “Lehengo urtean izan zen tutoreen formakuntzaren lehen esperientzia, eta horrekin ikasitakoa kontuan hartuta sortu dugu aurtengoa”. Saioak oso interesgarriak zirela ikusita, tutore izateko asmorik ez zuten pertsonei zabaltzea erabaki genuen ordea. Horretarako saio guztiak bi ataletan banatu genituen, eta goizekoetara jende gehiago gonbidatu. Denera 65 lagunek eman zuten izena, alor asko hartzen dituen ordezkaritza zabala lortuz: euskalgintza,, feminismoa, sindikalgintza… “Oso esperientzia interesgarria izan da eta uste dugu hurrengo urteetan indartu beharreko espazioa izango dela”.
Goizeko saio horietan hartu du parte Esti Beraza Sorrarainek. Mondragon Unibertsitatean ekintzailetza eta hezkuntza lantzen ditu, eta interes handia piztu zion aukerak. “Oso interegarria iruditu zitzaidan komunitateak eta proiektuak ezagutzea, baina baita etorkizunera begira zubirik eraiki daitekeen ikustea ere”. Bere expektatibak bete diren arren, KoopFabrika barruan dauden pertsonen proiektu gehiago ezagutzeko gogoz geratu da.
Lehen bi saioak egin zaizkio bereziki interesgarriak -ekonomia feministari zegokionean ezin izan zuen parte hartu-: La Ciutat Invisible-ko kideen eskutik finantziazioa landuz egindakoa, eta talde kudeaketari zegokiona: “Ikasleek taldeka egiten dute lan, eta ziur nago bertan bizitakoak ziur datozen talkak dinamizatu eta kudeatzen lagunduko didala”.