Joan den apirilaren 12an KoopFabrikako edizio guztietan parte hartutako kide guztiei irekitako Saretze Jardunaldia izan genuen Orereta-Errenterian. Ekintzailetza sozial kooperatiboko prozesuetan funtsezkoa den kontzeptua da saretzea. Prozesu hauei begirako tresna izanik, KoopFabrikatik saretze esperientzien inguruan bildutako gogoeta plazaratu eta praktika posibleak abiatzeko espazioa sortzea genuen helburu.
Horretarako, jardunaldiaren lehen atalean aurreko edizioetan ikasitakoa konpartitu genuen. Jarraian, elkarren zaurgarritasunen lanketa kolektiboak planteatzeko giroan sartzeko, Elika eta TaPuntu kooperatibetako kideek haien esperientzia azaldu zuten.
Gaian ongi lurra hartu ondoren, parte hartzaileek hainbat saretze ardatzen artean aukeratu zuten. KoopFabrikako dinamizatzaileen eskutik, aukeratutako gaiaren ezagutza konpartitu bat eraiki eta problematika komunei aurre egiteko estrategia kolektiboak pentsatzearen bitartez saretze prozesu ezberdinen aukerak mahaigaineratu ziren.
Datozen aste eta edizioetan saretze aukera hauei bide ematen eta praktikan sakontzen jarraituko dugu.