Barrutik

Barrutik, nondik bestela. Tripetan murgilduko gara. Ekintzailetza soziala bezalako izen ponpoxoa edukiz eta praktikaz beteko dugu. Bizi egingo dugu, gure bizitzak beste modu batera bizi ahal izateko. Mundu karratuan bere lekua topatu ezinean dabilen erronboaren gisan ibiliko gara. Aurrez irakatsi digutena desikasten, mundu berriak ikasi ahal izateko.

Eta bai, ez gara teoria borobilen altzoan lokartuko, teorian jasotakoa, errealitatearekin konfrontatuko dugu, berriz ere, teoria berriak asmatzeko. Sortzeko elkartuko gara. Gure beharrak asetzeko moduko tresnak sortzeko. Batzuk funtzionatuko dute eta besteak paperean geldituko dira akaso, baina ezer ez da alferrik izango. Bidea egitea bera baita, bideaz hausnartzeko bidea.

Ekintzaileak elkartuko gara. Errealitatea den bezalakoa onartzearekin konformatzen ez direnak. Eraldaketan sinisten dutenak. Gure bizitzetatik hasi eta bizi ditugun lurraldeetaraino. Euskaraz, ekintzaile hitzak esanahi bikoitza baitu. Ez da kasualitatea. Praktikatu izan dugun horren ondorioa da. Ekintzaileak dira, lana modu kolektiboan antolatzeko kooperatiba batean elkartzen diren kideak. Edota, aktibistak, gure herrian eta munduan bizi ditugun hamarnaka injustizien aurrean antolatu eta mundu hobe bat eraikitzen duten horiek. Ekintzailetza sozialaren bi gakoak. Eraiki, eraldatzeko.

Astelehena iritsiko da, eta Eskoriatzan egingo dugu topo, KoopFabrikan. Leku askotatik etorritakoak elkartuko gara. Bakoitza bere ideiarekin. Bere kezka eta ametsekin. Jende berria ezagutuko dugu. Eta ziur, aurretik ezagutzen genuen norbaitekin ere egingo dugu topo. Ordu asko pasako ditugu elkarrekin. Eta buruan daramagun ideia borobila, akaso erronbo bihurtuko dugu, edo batek daki, erronboa zena borobiltzeko balioko digu bideak. Eta ni, barrutik kontatzen ahaleginduko naiz bizi duguna. Barrutik kanpokoentzat. Barrutik, bihar zu ere barruan egon zaitezen.

Andoni

Scroll to Top