Jende askoren ahotan dago, XXI.mendeko gizartea, aurrekoak baino likidoagoa dela. Harremanak, loturak eta konpromisoak diluitzen ari direla. Jada ez omen dugu lehen bezalako ziurtasunik, ziurgabetasunaren itsasoan noraezean omen gabiltza. Itsaso horretan gainera ez da marrazorik falta. Ideia honen inguruan ordea, badago askotan ahaztu egiten zaigun egitate bat. Likidotze prozesua, ez da fenomeno metereologiko baten ondorioa, gizartea antolatzeko modua aldatu izanak, aldatu du gizartea harremantzeko modua. Arazo estrukturala da.
XXI.mendeko geografiak ez omen du zerikusirik aurreko mendekoarekin, hala azaldu digu behintzat Imanol Esnaola Gaindegiako kideak. Kontzentrazio prozesuak indartzen ari dira. Eta horrek segregazioan sakontzea eragin du. Metropoli hitza geroz eta sarriago entzuten dugu, batzuen ahotan gainera laudorioz lagunduta. Zein da metropolizazio prozesuen ondorioa ordea? Biztanleriaren kontzentrazioaz gain aberastasunaren kontzentrazioa ere eragiten du, hori bai, bigarrena poltsiko gutxi batzuetan elkartzen da soilik.
Akaso zuetako norbaiti honako galdera etor dakioke burura: Eta guzti honek ze lotura izan dezake gure proiektu komunitario edo kooperatiboarekin? Bada, gure proiektuak ez dira haizearen gainean sortzen. Lurraren gainean eraikitzen ditugu. Hankak lokatzetan sartuz, eta gure hanka markekin lurraldean erliebe berriak marraztuz. Zapaltzen dugun lurrarekin izan beharreko harremanak, pentsatu egin behar ditugu. Baldin eta, guk ere etorkizuneko lurraldeak eraikitzerakoan, gure aletxoa jarri nahi badugu. Ahaztu gabe, neutraltasuna ez dela existitzen. Finean, ezer ez egitea, egiteko beste modu bat delako.
Komunitateak oro har diluitzen ari dira, hori ukaezina da. Eremu batzuetan beste batzuetan baino azkarrago. Eta zenbait lekutan aurkako prozesuak ere ikusi ditugu. Baina, ekintzaile garen neurrian, aldaketei ez diegu ikuslearen optikatik begiratu behar. Gu geu eragileak garelako. Aldaketak, alde batera zein bestera eman daitezkeelako. Eta gaur, etxeko lan bat utziko dizuet. Jarraian duzuen galdera egin zuon buruari, eta garrantzitsuena, ekin, erantzunak eraikitzeari. Gai izango gara ekintzailetza bidez 10-20 urteren buruan komunitateak iraunkorrago egiten dituzten ekonomia joerak pizteko?
Andoni.