Azken astean egunero bezala, goizeko bederatzietarako Eskoriatzan geunden. Huheziren eraikineko hirugarren pisuko gela eder batean. Gaurko saioa noiz hasiko zain. Esperoan. Gure artean hizketan. Egun guzti hauen ostean, elkar gehiago ezagutzen baitugu. Egunero errepikatzen ditugun txiste txarrak ahoan genituela, Arianne gelaren erdian kokatu eta argibideak ematen hasi da: Gaur bi proiektuk aniztasuna eta feminismoa nola lantzen dituzten azalduko digute. Abiapuntua interesgarria.
Iritsi dira Amillenako kideak. Presaka. Euren saioa antzerki moduko bat eginez hasi dute. Eguneroko bizitzarekin antzekotasun handia zuen antzerki batekin. Izan ere gidoia ez zen fikzionatua, euren goizeko ibilerak kontatu dizkigute. Eta bai, sarri aipatzen dugun leloa, errealitatearekin konfrontatzeari ekin diogu. Bizitza erdigunean. Baina lelo hori nola eraman praktikara? Ekonomia feministak oso ondo azaltzen duen moduan, gaur egungo gatazka nagusia ez baita lanaren eta kapitalaren artekoa, bizitzaren eta kapitalaren artekoa baizik.
Gure proiektuen erdigunean bizitza jartzeko moduez aritu gara hizketan pare bat ordutan zehar. Eta ez, ez dugu inolako teoria borobilik sortu. Bai ordea norabide bat. Gure proiektuak pentsatzeko modu bat. Denboraren kudeaketaz aritu gara, saretzeaz, kontziliazioaz, bideragarritasunaz… Arazoak identifikatu eta arazo horiei erantzuteko soluzio batzuk planteatu ditugu. Teoria borobilik sortu ez badugu ere ondorio batera iritsi gara: Emozioak ere politikoak dira.
Baina ez soilik emozioak. Gutako bakoitzak gure emozioez, bizitzaz, proiektuez, nondik hitz egiten dugun jakitea ze garrantzitsua den azaldu digu, Hiruki Larroxa Kolektiboko Ibai Fresnedok. Ditugun pribilegioez edota eragiten ditugun zapalkuntzez jakitun izan behar baitugu. Gauzak aldatzeko lehenengo pausoa, errealitatea den bezalakoa onartzea delako. Pausoak emanez, guztion bizitzak erdigunean jartzeko benetan.
Andoni.