KoopFabrikaren 5. ikasturtea martxan, inoiz baino beharrezkoago den garaian

KoopFabrikaren 5. ikasturtea martxan, inoiz baino beharrezkoago den garaian

Ekintzailetza sozial kooperatiboaren premia areagotu egin da, “komunitatearen beharrei proiektu zehatzen bidez erantzuteko”. Aurreko urteetako eskaintza indartuz, udalgintzaren gaiari heldu nahi diogu aurten.

Usurbilgo Sutegi aretoan aurkeztu ditugu aurrera begirako erronka eta xehetasunak, Lanki ikertegiko Arianne Kareagak, Olatukoop sareko Leire Udabek, GEZKI institutuko Jon Morandeirak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iker Estensorok. “Gizartearen ahulguneak mahai gainean jarri dituen pandemia baten erdian” ekin diogu ikasturteari.

KoopFabrikaren 5. ikasturtea martxan, inoiz baino beharrezkoago den garaian

Urtez urte, KoopFabrikara iristen diren proiektuen konplexutasun eta aniztasuna handitzen ari da. Horren adibide gisa iaz bidelaguntza jaso zuten bi proiektu aurkeztu ditugu ekitaldian, Eihera, eraldaketa feminista eta LGTBI prozesu propioak diseinatu, garatu eta ahalbidetzen dituen kooperatiba eta Herrerako Sukaldea, auzoan dituzten jateko-beharrak kolektibizatzen dituen proiektua.

KoopFabrikaren 5. ikasturtea martxan, inoiz baino beharrezkoago den garaian

KoopFabrika martxan jarri genuenetik, 244 pertsonak hartu dute parte eskainitako formazioetan. Horrez gain 55 proiektu sozioekonomiko garatu dira “formazio eta bidelaguntza metodologia propioaren bidez”. Iazko datuak ere aurkeztu ditugu: 2019-2020 ikasturtean 49 lagunek eman zuten izena programa osoan eta 25 proiektu garatu ziren. Aurtengo edizioan proiektu horietako batzuk kontsolidatzeko bidelaguntza ere jasoko dute.

Ziurgabetasun eta krisi garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitateak indartu, komunitatearen beharrizanei erantzun eta ekintzailetza sozial kooperatiboko proiektuak sustatzea. KoopFabrika sortzera eraman zituzten arrazoiak, inoiz baino indar eta zentzu handiagoa dute. Horregatik aurtengo ikasturtean, orain arte egindako ibilbidean garatutako metodologia eta bidelaguntza sistema osoa ondo jaso eta denon eskura jarri nahi dugu, “tokiko ekosistemak lantzeko eta dimentsio publiko komunitarioak uztartzeko”.

Udalgintza eraldatzailean erronka

“Elkarlan publiko-kooperatibo-komunitario formak baliatuz, udalgintza eraldatzailearen bidez, herri eta komunitateak indartzea dugu helburu” adierazi du Beñat Irasuegik. Hain justu udalgintza eraldatzailearen gaia lantzeko jardunaldia antolatu dugu urriaren 30erako. Iaz ekin genion udalgintza eraldatzailearen gaia ikertzeari eta aurten iaz ikertutakoa zabaltzeko ahalegina egingo dugu, Euskal Herrian udalgintza eraldatzaileko eredu propio bat garatzeko.

Bi formazio garai

Ikasturte honetan ere, bi formazio garai antolatu ditugu. Lehenengo aukera, Eskoriatzan eskainiko duguna, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 17an amaituko da. Bigarren aukera berriz, Hernaniko Iturolan eskainiko dugu eta otsailaren 2an hasi eta martxoaren 25ean amaituko da. Bi formazio garai antolatu baditugu ere, izen-ematea webgunean une oro irekita dago. Osasun egoerak eragingo digula jakitun, plangintza moldatu ahal izateko alternatiba lantzen ari gara.