Bizitza da haundiena

Iritsi gara amaierara. Edo hobeto esanda, hasiera berri batera. Orain hasten da garrantzitsuena. Politena. Zailena. Eta dudarik gabe aberasgarriena. Entzundakoa, ikusitakoa eta ikasitakoa praktikan jartzera goaz. Gure bizitzak eraldatzera. Lurraldean eragitera. Saretzera. Konspiratzera. Bizitzera.

Motxilak, esperientziek utzitako irakaspenez bete ditugu. Lanerako tresnak eman dizkigute eta gogorik ez zaigu falta. Bide berri honetarako, bidelagunak ere izendatu dizkigute. Bidea lagunekin errazago egiten delako. Bidea egingo badugu, elkarlanean egingo dugulako. Argi dugu, gurea ez dela sprint bat. Bizi osorako bidaia batean murgildu gara. Eta urrutira joateko, poliki joatea komeni omen da. Hori bai, ahal dela gelditu gabe.

Nire herriko pareta batean idatzitako esaldi batek, nahiko zoratuta eduki nau azken urteetan: Azkarregi goaz inora ez iristeko. Ideia indartsua du oinarrian esaldiak. Izan ere, denbora agortzen ari den garai honetan, badirudi, etorkizun ezaz jakitun, iheslariaren azalean jarri garela. Errealitateari aurre egin eta eraldatzen saiatu baino, ihes egin nahian gabiltzala, korrika aurrera. Nora goazen jakin gabe, baina korrika, ahalik eta azkarren.

Bada gu, poliki goaz. Poliki, badakigulako nora joan nahi dugun. Etorkizunari ez diogulako beldurrik. Edo hobeto esanda, etorkizuna gaurdanik eraikitzen ari garelako. Etorkizuna bermatuko digun orainaldia garelako. Eta bai, guztia eraldatzeko prest gaude. Gure bizitzetatik hasi eta gure lurraldeetaraino. Mundu bizigarri bat eraikitzen ari gara. Laboak, ongi esan zigun moduan, bizitza delako haundiena.

Andoni.