Ekonomia

Ez gaude ohituta ekonomiaz hitz egitera. Are gutxiago ekonomia egitera. Ihes egiten dugu hitza entzutean. Arrotza den gauza bat balitz bezala. Beste norbaitek antolatu beharreko zerbait. Gu baino jakintsuagoa eta azkarragoa den norbaitek. Oso ongi eraikitako ipuin bat sinetsi dugu. Esku gutxiren artean idatzitako ipuina gainera. Ekonomia, beste batzuek antolatu behar omen digute, eta ustez, neutroak diren balioen gainean. Jakin badakigun arren, hegemonikoak izate soilagatik, gutxi dutela neutrotik.

Ipuin hori sinetsi izanak, gure gaitasun eraldatzailea gutxiestera eraman gaitu sarritan. Eta ez naiz ari gutako bakoitzaren erabaki indibidual txikiez soilik, elkarlanean sortu ditzakegun proiektu komunitarioez ere bai. Askotan, herrigintzatik edo komunitatetik sortzen ditugun proiektuak, sozio-ekonomiaren alorrean kokatzea kostatu egiten zaigu. Baina bai, ipuinak ipuin, guk ere ekonomia egiten dugu. Ahal den neurrian eta kontraesanak kontraesan, bestelako eredu ekonomiko bat gainera.

Bide hori urratzen ari gara. Horretarako elkartu gara KoopFabrikan. Ikasteko. Aurreko eskemak deseraiki eta berriak eraikitzeko. Oraindik esploratu gabeko bideetan gabiltza. Ekinez, intuizioari jarraituz, etorkizuneko eredua sortzen. Etorkizuna bermatuko duen eredua. Guztia agortzen ari den garaiotan, bestelako eredu sozioekonomiko baten beharra baita inoiz baino ugariago ageri den aldarria.

Olatu kooperatibo berria sortzen ari da. Iturri zaharretik ateratako ur berria. Freskoa. Garaiko eztabaidei lotua. Bideragarritasuna eta bizigarritasuna uztartzen ahalegintzen dena. Proiektu bat ezin baita bideragarria izan, ez bada bizigarria. Bizigarria izan ezin duen gisan, bideragarria ez bada. Oreka hori konplexua da egunerokoan ordea. Besteak beste, gure proiektuak arazo estrukturalez jositako ingurune batean bizi direlako. Baino ba al dago eredu berriak asmatzeko modu hoberik, gure proiektuetatik ekitea baino?

Andoni.