Zer da kooperatiba bat?

Pertsonak adina erantzun izan litzake aurreko galderak. Nahiz eta ziurrenik denek oinarri bertsuak izango dituzten. Horrela frogatu dugu behintzat, goizean Eskoriatzan egindako saioan. Arianne Kareagak eta Beñat Irasuegik galdera hori eginez hasi dute Kooperatibismoaren inguruko euren saioa.

Esan ohi da, kontzeptu edo ideia bat menderatzen duzula, horren definizioa beste pertsona bati azaltzeko gai zarenean eta guri kostatu zaigu ideia argi bat azaltzea. Bada, gaur arte intuiziotik asko edandako kooperatibismoaren ideia bait genuen. Inguruan ikusitakotik eta bizitakotik joan izan gara osatzen kooperatibismoaz genuen irudi pertsonala. Baina gaurtik aurrera ikasitakotik ere osatuko dugu. Kooperatibismoa gauza asko izan baitaitezke, lurralde bakoitzak bere izaera propioa ematen dion neurrian. Izenburuko galdera berdina, Andaluzian edo Euskal Herrian egin ezkero, ziur, erantzunak desberdinak izango direla.

Baina beno, galderara itzuliz, zer da kooperatibismoa? Horrela definituko nuke nik: Komunitate batek bere beharrak (lana, kontsumoa, etxebizitza…) asetzeko, sortzen duen tresna kolektibo eta demokratikoa. Definizioak definizio, argi dago, kooperatibismoa ez dela gauza bat eta bakarra. Txuria eta beltzaren arteko grisaren espazio horretan tonuak aldatuz bizi da egun kooperatibismoa.

Forma juridiko bat baino gehiago da. Forma juridikoa izateak ez baitu ziurtatzen, erakunde hori kooperatiba izatea. Praktika da, adierazle nagusia. Egiten duzun horrek ematen dizu izana eta ez izenak.  Alegia, zenbat eta koherenteagoa izan printzipioekin orduan eta kooperatibismo gehiago egingo duzu. Eta alderantziz.

Ez pentsa ordea, goiza forma juridikoez eta definizio borobilez hizketan pasa dugunik soilik. Elkar ezagutzeko aukera ere izan dugu. Bakoitza nondik datorren ikustekoa. Nora goazen ez baitugu oraindik denok argi.  Eta nola ez, mahaian jaki goxoak genituelarik elkarrekin luze eta zabal hitz egin dugu. Telekomunikazioetako antenez, 6Kn grabatzen duten kamerez edota Gatzagako gatza duen txokolateaz. Gazia eta gozoa elkartuta, zapore biziagoak sortzen direla ohartzen hasi gara.

Andoni.