KoopFabrika aurkezpen instituzionala

Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean KoopFabrika abian jarri dugu berriro gaur. Lehenago, aurkezpen instituzionala egin dugu Ekintzailetza Sozial eta Kooperatiboa eraikitzea asmo duen programa honetako antolatzaile eta finantzatzaileek.

KoopFabrikaren koordinazio ardura duen Arianne Kareagak ongietorria eman die KoopFabrikaren formazio trinkoetan izena eman duten pertsonei. Jarraian, KoopFabrika posible egiten duten eragileen txanda etorri da.

Tokiko eragileak

Beterri-Buruntza udalak erakundeko lehendakari den Jon Zulueta izan da hitza hartzen lehena. Eskualdean kokatutako Iturola Elkarlan Sorgunean egingo dira KoopFabrikako formazio trinkoetako saio batzuk.

Aipatu du eskualdeak hainbat proiektu dituela martxan eta KoopFabrika horietako bat dela. Gogoratu du nola 5 urte daramatzan programak martxan; Olatukoop eta unibertsitateekin elkarlanean sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin finantzatuta.

Ordutik, eskualdean 25 proiektu sozioekonomikotik gora jarri dira abian, 60 pertsona ingururi lana ematen dietenak. Azpimarratu duenez, “Gipuzkoa osora eta baita Euskal Herri osora ere zabaltzea da erronka”.

KoopFabrika aurkezpen instituzionala

Finantzazioa

KoopFabrika Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du eta honen izenean Joseba Amondarainek hartu du hitza.

Aipatu duenez, “KoopFabrika hiru ezaugarrirengatik bultzatzen dugu: lankidetza, tokiko ikuspegia eta ekintzailetasuna bera”. Bultzatzen den enpresa eredua ere azpimarratu du, “asmo indibidualetatik haratago, proiektu kolektiboak” sustatzen direlako.

Antolatzaileak

Hiru dira KoopFabrikaren antolatzaileak eta bertan egon dira guztiak.

Enekoitz Etxezarreta izan da hitza hartzen lehena, EHU-ko GEZKI institutuaren izenean. Institutuak aspaldi ikusi zuen kooperatibismoa unibertsitatean gutxi nabarmentzen zela eta bazuten gizarte ekintzailetzarako espazio bat sortzeko ideia. KoopFabrikan gauzatu da azkenean.

“Ezberdinen artean egiten ari garela” iruditzen zaio azpimarratzekoa.

Ikerketako esparruan ari dira lanean batik bat KoopFabrikaren baitan. Batez ere, tutorizazio eredua nola sistematizatu daitekeen aztertzen. “Nola lortuko dugu Ekonomia Sozial Eraldatzailetik sortzen diren proiektuak lurraldeko beharrekin lotzea?”, aipatu du.

Jarraian Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Aitzol Loyolak hartu du hitza. Kasu honetan, Lanki ikertegia ari da KoopFabrikan lanean. Mugimendu kooperatiboaren logikatik gerturatu ziren KoopFabrikara hasiera hasieratik. Esan duenez, “mugimendu kooperatiboak konexioan jarri behar ditu Gipuzkoan dauden erronkak eta sortu behar ditugun alternatibak”. Guzti honi bidea emateko KoopFabrika oso baliagarria dela esan du.

Honen hitzetan, “ekintzailetza ulertzeko modu bat oso modan dago, ikuspegi indibiduala oinarri duena. Akatsa dela ikusten dugu; gakoa lurraldean gauden eragileak saretu eta ekintzailetza elkarlanean proiekzio komunitario batetik bideratzea da”.

Amaitzeko, Leire Udabek hitz egin du Olatukoop sarearen izenean. Azaldu duenez, “sarea sortu zenetik argi genuen Gipuzkoan erreferentziazko sare bat sortzeko beharra zegoela, kezkak konpartitu eta ildo estrategiko ezberdinak martxan jartzeko. Hauetako bat KoopFabrika da”. Leirek lankidetza, interkooperazioa eta lurraldetzea ezinbestekoak direla azaldu du, “ekonomia pertsonen zerbitzura jarriz, eta ez alderantziz”.

 

KoopFabrika aurkezpen instituzionala

Scroll to Top