KoopFabrika FormazioFabrika

Jarraitu aurretik, bukaera ederra

Martxoaren 22 eta 23an euren proiektuak aurkezteko tartea izan dute KoopFabrikan parte hartu duten kideek. Formazio aroari amaiera ederra eman eta aurrera begira jartzeko aitzakia ere izan da.

“Nerbiostu naiz”. Hori izan da Gari Garaialdek esan duen lehenengo gauza zutitu eta proiektorearen parean jarri denean. Bi hilabetez denbora eta arreta handia eskaini dio KoopFabrikan Izarkom proiektuari, eta orain du bidelagun izan dituenen aurrean aurkezteko unea.

KoopFabrika proiektuen aurkezpenak Izarkom

Dirudiena baino pauso handiagoa da landutakoa jendaurrean azaltzea. KoopFabrikan hastean, kosta egiten da norberaren ideia hitzetara eramatea. Are gehiago labur egin behar denean. Baina gure proiektuek komunitatearekin eta bere babesarekin harreman estua duten neurrian, ezinbestekoa da azaltzen ikastea. Babesteko, ezagutu, ulertu eta baloratu egin behar da lehenengo.

Zortzi aste joan dira 49 ekintzaile lehenengoz KoopFabrikan elkartu zirenetik. Hasierako ideia lanbrotsu horiek forma sendoagoa hartu dute: batzuek, beste kide batekin elkartuta topatu dute bidea, beste batzuek formazio saio eta abarrekin jantzi dute biluzi xamarra zen ideia; eta gutxi batzuk, hasieratik ere argi zuten proiektuari bultzada emateko giro aproposa aurkitu dute. Hainbeste lan, bizipen eta elkartrukeren ondoren, prest daude lagunari, osabari edo tokatzen denari zer egin nahi duten azaltzeko.

KoopFabrika proiektuen aurkezpenak Sutargi

Horregatik izan dira hain argigarriak, hasierako urduritasunak atzean utzita, martxoaren 22an eta 23an Eskoriatzako HUHEZI Fakultatean egindako 32 aurkezpenak. Antzeman da, gainera, formazioan landutako kontzeptu asko proiektuan integratu dituztela. Haiek entzuteko interesik ere ez da falta izan. Lau gelatan banatuta, aldibereko aurkezpenak egin ditugu goiz osoan zehar, eta hala ere, gela guztietan bildu dira gutxienez zortzi edo bederatzi entzule: ikaskideak, bidelagunak, formazio lanetan aritu direnak…

“Zorionak, lan ederra egin duzue”. Horixe izan da, bere aldaera guztietan, entzuleen ahotan gehien errepikatu den esaldia. Ez zaie arrazorik falta. Aurkezpenak zainduak, gertukoak eta oso zehatzak izan baitira. Hainbeste non askori halako pena bat ere geratu zaigun, ezinbestean tarte bakoitzeko lau aurkezpenetik bakarra ikusi ahal izan baitugu.

KoopFabrika proiektuen aurkezpenak

Ostiraleko 11:30tarako amaitu dira aurkezpen txandak, eta goiza Eskoriatzan eman dugun guztiak elkartu gara fakultateko gela nagusietako batean. Ezin etapa bat amaitutzat eman fundamentuzko zizka-mizka eta itxierarik gabe. Egunari zapore hobea ematen lagundu digute Zarauzko Lakari kooperatibako kideek ekarritako jan-edanek.

Urdaila ederki beteta borobilean jarri gara gero. Irakasle lanetan aritu den Arianne Kareagak hartu du lehenik hitza, eta eskerrak eman nahi izan dizkie modu batean edo bestean KoopFabrika honetako parte izan diren kide guzti guztiei. “Nik neuk ere asko ikasi dut, eta plazer handia izan da zuek ezagutzea”. Batzuek zein besteek esker oneko hitzekin jarraitu dute segidan, eta guk bi ideia azpimarratu ditugu kuadernoan: “oso eroso eta ondo sentiarazi gaitu”, eta “ederra izan da denok jasotzeko zein emateko izan dugun jarrera”. Azken hitz bat ere bai, KoopFabrika ederki laburbiltzen duelako, etxerako bidean zer pentsatua eman diguna: gizatasuna.

Horrenbestez, amaitu da FormazioFabrika. KoopFabrikako ekintzaileen bidea ordea, hasi besterik ez da egin. Haietako askok tarte honetan pilatutako indarrarekin proiektua martxan jartzeari ekingo diote pixkanaka, eta lan horretan, KoopFabrikako tutoreen laguntza izango dute. Talde osoa berriro batera ikustea zailagoa izango da akaso. Edo agian ez: hasi gara horretarako aitzakia bila…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude