Burujabetzak KoopFabrika Arantzazu

Goiko kateak hautsi, berdinekin kateatzeko

Burujabetzaren alderdi desberdinez aritu dira bost hizlari Arantzazun antolatu dugun saio berezian. Oscar Garcia Juradok lanaren burujabetzaz hitz egin du, Mirene Begiristainek elikadura burujabetzaz, Eduardo Urturik energia burujabetzaz, Liher Gonzalezek finantza burujabetzaz eta Gorka Julio teknologia burujabetzaz.

Burujabetzari buruzko saio berezia izan dugu KoopFabrikan, eta horretarako Gandiaga zentrora joan gara, Arantzazura, Euskal Herriko toki sinbolikoenetako batera. Oñatiko Udalaren laguntza izan dugu horretarako, Mikel Biain alkatea bera gurekin izan dugu, eta Nerea Zubia zinegotziak, Oñatin herritarrekin harremana eta parte hartzea nola lantzen duten azaldu digu, zehazki Eltzia proiektuaren xehetasunekin.

Oñatiko udala Eltzia proiektua aurkezten KoopFabrika-n

Bost hizlarik burujabetzaren bost alderdi landu dituzte: lanaren burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza, finantza burujabetza eta teknologia burujabetza. Burujabe izango garen Egun Handiaren zain egon beharrean, KoopFabrikan egunero eraikitzen diren burujabetza txikietan sinesten dugu. Era berean, burujabetza ezin da ulertu modu integralean besterik. Alegia, ez duela zentzu handirik elikadura burujabetzaren alde lan egiteak, aldi berean ez baduzu lanaren burujabetza edota energiarena praktikan jartzen. Azken batean, Beñat Irasuegi KoopFabrikako kideak aurkezpenean esan bezala:

“Helburua hau guztia aldatzea da, eta hori elkarrekin egin beharko dugu”

Oscar García Jurado KoopFabrika-n

1. Lanaren burujabetza

Ez da erraza lerro gutxitan laburtzea Oscar Garcia Juradok lanaren burujabetzari buruz emandako hitzaldia. Andaluziatik etorri da, urteetan unibertsitatean aritu ondoren Autonomia Sur kooperatibako kide da egun, eta bertako ESE mugimenduko partaide aktiboa. Aipatu duenez, “burujabetzarik gabeko ekonomia” dute Andaluzian, eta “ez daukatena pentsatzetik” artikulatu du bere diskurtsoa. “Oraindik ez daukagun horretaz pentsatu behar dugu, hori eginez ari garelako jada lortu nahi dugun horri aurrea hartzen”. Kapitalismoaren disekzio zehatza egiteaz gain, emantzipaziorako hainbat arrasto eman zituen. Hona bere hitzaldiko ideia sorta bat:

– Ez dago dependentziarik gabeko askatasunik

Ideia faltsu batekin lotzen dugu askatasuna. Gainontzekoengandik erabat autonomoa den pertsona askerik ez dago. Aldiz, gure maila berekoen menpeko izanez soilik lortuko dugu askatasuna. Autonomia gehiago lortzeko, gure berdinekin osatu behar ditugu loturak, eta gure goitik daudenekin ditugun dependentziak hautsi.

“Ekonomia” hitzaz birjabetu behar dugu

Ez dugu guk izan behar gure jardunari “soziala” edota “eraldatzailea” deitu behar diogunak, guk egiten duguna “ekonomia” da, bere horretan. Bestea da “ekonomia kapitalista”. Berdin, lanaren kontzeptuarekin ere, erabat ideologizatutako kontzeptua da. Lana ez baita jendeak dirua irabazteko egiten duen jarduna -hori soldatapeko lana da-, baizik eta jendeak bere beharrak asetzeko egiten duen jarduna.

Truke-baliotik erabilera-baliora pasa behar dugu

Egun, ordaindu ahal duenarentzat soilik ekoizten da. Erosketa ahalmenaz hitz egiten da, truke-balioaz, baina igaro behar dugu erabilera-balioaz hitz egitera. Zaintza lanak, adibidez, erabat kanpo gelditu dira. Bai, noski, balioa eman behar zaio soldata duinak edukitzeari, eta zentzu horretan borrokatu behar da truke –balioaren alde ere. Baina sekula ez du egon behar erabilera-balioaren gainetik.

Ez dugu lehiakor izan behar, baina bai ahalik eta eraginkorren

Ingurukoekin dugun konpromisoa bete behar dugu, lana egin, behar diren orduak sartu. Baina sekula ez lehiakortasun gakoetan. Gainera, jendearentzat erabilgarriak garen neurrian lortuko dugu zerbait. Jendearen beharrak ase behar ditugu beste batzuek baino hobeto.

Mirene Begiristain KoopFabrika-n

2. Elikadura burujabetza

Hamaiketakorako atsedenaldiaren ostean, Mirene Begiristain EHUko irakasle eta ekonomialariak hartu du hitza, eta definitu du elikadura burujabetza herriek elikagai nutritiboak eta kulturalki egokiak izateko duten eskubide bezala. Ekoizpenak, banaketak eta kontsumoak osatutako elikadura-sareari “etxea” katebegia gehituko lioke Begiristainek, eta gainera, azpimarratu du elikadura sare alternatiboak sortzeko lau katebegiek bat izan beharra daukatela. Bestalde, zalantzan jarri du aurreko hitzaldian Garcia Juradok botatako ideia, “eraginkorrak” izan behar hori. Izan ere, berak ez du defendatzen egunero guztiek dena eman behar dutela. “Dena eman behar da, segun eta noiz. Une batean batek egingo duk gehiago, beste batean besteak. Agenda transbertsalak edukitzeko gakoa da ulertzea denok ez garela berdinak, eta denok ez dugula maila bera eman behar une guztietan”.

Eduardo Urturi KoopFabrika-n

3. Energia burujabetza

Elikadura burujabetzaren diskurtsoa inguru hauetan sartu zela urte batzuk badiren bezala, energia burujabetzarena oraintsu samar iritsi da une gorenera. Eduardo Urturi Goiener Kooperatibako kideak hainbat ideia bota ditu, beren jarduna oinarri hartuta. Harentzat, energia “guztien ondarea” da, lurra bezala. Azaldu du nola Euskal Herria energetikoki burujabea zen duela 150 urte, baina pixkanaka bultzatu gaituzten energia guk ekoizteari utzi eta saldu nahi digutena erostera. Legeak eta sistemak ezarri zituzten ondare komuna zenaz jabetzeko. Gainera, energia berriztagarriak eta autokontsumoa gutxiesten duten politikak praktikatzen dira. Nola lortu energia burujabetza, orduan? Urturiren ustez, beharrezkoa da eskala handian, energia berriztagarriz hornitutako sare elektriko deszentralizatu bat sortzea, eta energiaren atzipen kostua murriztea. Era berean, politika publiko mesedegarriak bultzatu behar dira, autokontsumoaren alde egin eta oligopoliotik kanpoko alternatibak hauspotu.

Liher Gonzalez KoopFabrika-n

4. Finantza burujabetza

Koop57 finantza etikoen kooperatibako kidea da Liher Gonzalez. Harentzat, finantza etikoak dira bestelako burujabetzak lortzeko ezinbesteko hanka. Aipatu ditu lagundu dituzten hainbat proiektu: EHNE Bizkaia eta Boga garagardoa, adibidez. Era berean, Som Energia bezalako proiektuak bultzatu dituzte, energia berriztagarriekin lanean dabiltzanak, edota teknologia burujabetzan dabiltzanak, Pausu media edota Guifi.net, esaterako. Gonzalezen arabera, “pribatizazio prozesuan dagoen sistema deshumanizatu batean bizi gara”, eta burujabetzaren aldeko tresna guzti hauek -nahiz eta batzuk pribatuak izan- pribatizazio hori suntsitzeko eta humanizazioa sortzeko tresnak dira. “Horretara egin behar dugu denok”.

Gorka Julio KoopFabrika-n

5. Teknologia burujabetza

Teknologia burujabetzaren ideia aski txertatua egon da software librearen aldeko mugimenduan, baina ez da bere horretan formulatua izan orain gutxira arte. Gorka Julio Talaios kooperatibako kideari hitza ematerakoan Irasuegik aipatu duenez, “mundu mailako hamar enpresa handienak software enpresak diren garaiotan, garrantzitsua da teknologia burujabetzaz aritzea”. Gainera, teknologiarena hau da, haren ustez, denok akritikoki kasurik gutxien egiten diogun gaia. “Berdin digu gure datu guztiak Google-en esku egotea”. Juliok, bere aldetik, aipatu du distopiak errealitate bihurtzen ari direla gure begien aurrean, eta “batzuok ez dugu hemen bizi nahi”. Tekno-optimistei kontra egin die segidan: “ez da egia teknologia batzuek, existitze hutsagatik, askatasuna ekarriko digutela. Baina soluzioa teknologikoa ere bada, zenbait teknologiak gerturatzen edo urruntzen gaituzte soluzioetatik”. Gogoratu du internet hasieran izaera askatzailea zuen gune libre bakarrenetakoa zela, eta hori desagertzen ari dela gure begi aurrean. Horren adibide dira internet sare globalaren estatalizazioa, interneteko neutraltasunaren aurkako borroka, edota nola sarea ari den bihurtzen gero eta esparru militarizatuagoa.

Eremu pribatuan ere, tankeratsu. Julioren arabera, Erdi Aro digital batera garamatzate Amazon eta antzeko multinazionalek. Kognizio krisi bat ere identifikatzen du: “badirudi informazio jarioek dopamina adikzio bat sortzen dutela, eta epe motzeko begirada bat edukitzera garamatzatela. Irakurtzen duguna ulertzeko zailtasun gehiago dugu, eta baita etorkizuna aurreikusteko ere”.

Haren ustez, burujabetza teknologikoarekin nahi dugun tokiraino iritsi gaitezke, baina erakundeen borondatea ezinbestekoa da horretarako. “Ez dago mugarik, eta asko dago egiteko. Irudimena da gure tresna indartsuena”.

Erronkak burujabetzara bidean

Bost hizlarien jarduna amaitutakoan, solasalditxoa eduki dugu burujabetza modu integralean saretzeko eta zabaltzeko ditugun erronkez. Hainbat ideia atera diren arren -ezagutza teorikoa kolektiboetara zabaltzea, beste borrokekin aliantzak egitea, gure jendearentzat baliagarri izatea, eta abar-, aurrerantzean jarraitu beharko dugu erronkak lantzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude