KoopFabrika 2018

Ekintzaile askorentzako ezinbesteko aterkia

Aurtengo KoopFabrikari ekin genionetik sei bat aste igaro diren honetan, Hernaniko Gabriel Zelaia eraikineko klase egun bat aprobetxatu dugu formatzaile batekin eta hiru ekintzailerekin solasteko.

KoopFabrika 2018

Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean, beheko solairuko areto nagusian, Aholku Koop-eko Irune Cano ari da hizketan: “kooperatiba bateko kideek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ala Autonomoen Erregimenean eman dezakete alta”. Seigarren astea dugu KoopFabrikan, eta gaurkoan diru kontuei buruzko formakuntza tekniko samarra tokatzen da, hori ere jakin behar baitu kooperatiba bat martxan jarri nahi duenak.

Ekintzaileek noizean-noizean hitza hartu eta galderaren bat botatzen diote Canori. Ofizialki, 49 ekintzailek eman dute aurten izena, baina gaurko klasera pare bat dozena pasatxo etorri dira. Guztira 37 proiektu inguru egin nahi dituzte, horietako zenbait elkarren artean, bistan denez. Denetariko proiektuak dira: aisialdiarekin eta haurren munduarekin lotutakoak, emakumeen sexologiarekin, ginekologiarekin edota psikologiarekin lotutakoak, lehen sektorea eta energia uztartu nahi dituztenak, joskintzazkoak, zuzenbideari buruzkoak, bitartekaritzazkoak, telefonia konpainia bat ere bai tartean… Zenbaitek oso zehaztuta dakarte ideia, beste batzuek buruko nahas-mahasa ordenatzen ari dira oraindik. Edonola ere, denek egiten dute bat gauza berean: beste inon topatu ezin izan duten jakintza ematen ari zaie KoopFabrika.

Argi asko bizi izan du hori Saioa Otegik. Psikologia eta psikoterapia zerbitzuak ematen dituen proiektu bat jarri nahi du martxan. KoopFabrikan izena eman baino lehen, ekintzaileentzako bi formakuntza saio egin zituen, bata Gipuzkoako Bazkundeak antolatutakoa eta bestea Donostiako Sustapenarena. Haiekin konparatuta, argi dauka: “Sekulako aldea dago”. Azaltzen duenez, beste formakuntza ereduetan ez da kooperatibagintza sartzen, S.L. egituretatik abiatuta azaltzen dute dena. Baina, batez ere, beste alderdi batzuetan nabari du desberdintasuna: “lan egiteko modua, denbora tarteak, elkarlana nola egiten den… bestelako formakuntzetan ez dagoen jendetasun bat dago KoopFabrikan. Besteak hotzak izan ohi dira, urrunekoak, eta produktibitateari oso emanak”. Merkatu-kutsu horrek atzera eragin izan dio. “Erakusten dizute nola saldu zeure produktua kosta ala kosta, eta nola erabili horretarako eskura dauden tresna guztiak. Noski, hor sartzen dira manipulazio emozionalak eta antzerakoak, eta ni psikologoa izanik, oso erasokorrak egiten zaizkit gauza horiek. Aldiz, iruditzen zaio KoopFabrikan bete-betean asmatu dutela materiak hautatzerakoan: “formakuntza teknikoa izateaz gain, integrala da. Eta nik bizitzan funtzionatzeko daukadan modua integrala da”.

KoopFabrika 2018

Baina zer da, zehatzago, ekintzaile batek KoopFabrikan topatuko duena? Arianne Kareaga irakaslearen ustez, batetik, taldearen babesa da garrantzitsua, ohartzea norbere egoera berean daudenak asko direla. Horrez gain, kooperatibismoaren ardatza sartzea giltzarria da haren arabera. “Horrek kontzientzia handiagotzen du, eta errentagarritasunean ez ezik arlo sozialean ere pentsarazten du”.

Mikel Fernandez ekintzaileak aspaldi zuen proiektua buruan: kirolari buruzko sareko hedabide bat osatu nahi du, euskara hutsean. Beti proiektua gerorako uzten zuela dio, harik eta KoopFabrikan izena eman zuen arte. “Honek prozesua azkarrarazi dit. Balio izan dit zalantzak argitzeko eta ideia batzuetan sakontzeko. Gainera, taldetasunak indarra ematen du”.

KoopFabrika 2018

Irati Salsamendiren proiektuak lotura zuzena du artzaintzarekin. Azaltzen duenez, artzainek ez dakite artilearekin zer egin. Hortaz, hondakin hori prozesatu eta, tokian tokiko jendearentzat lanpostuak sortuz, produktu bat sortu nahi dute: eraikuntzarako isolamendua. Ez dute baztertzen jertseak egiten hastea ere. KoopFabrikak segurtasuna eman diola aitortu digu. “Aterki moduko bat da, aukera eman dit ohartzeko jende pila batek lortu duela bere asmoa, eta nik ere lortu dezakedala”. Garrantzitsua iruditzen zaio formatzaileak hankak lokatzetan dituen jendea izatea. “Beren esperientziatik hitz egiten dute, oso gauza zehatzak azaltzen dituzte, eta, gainera, zehaztasun horretatik ere teorizatu daiteke”. Bereziki harritu zuen Joxemi Zumalabeko Zesar Martinezek emandako eskolak. “Aurreikuspenak puskatu zizkidan. Partehartze paradigmari buruz hitz egitera etorri zen, eta uste nuen oso saio teorikoa izango zela. Eta izan zen guztiz praktikoa. Normalean, kolektiboki dinamikak egin behar direnean oso gaizki pasatzen dut, ez ditut inoiz dinamika zehatz eta egokiak topatu, beti huts egiten du zerbaitek. Berak bete-betean asmatu zuen. Praktikoki landutakoarekin ikasi genuen behar genuen teoria guztia”.

Otegik eta Fernandezek Jon Sarasuak emandako eskola gogoratu dute, nola egin zuen testu inguraketa lan handia, azalduz ze gizarte sistema izan diren historian, zeintzuk diren kapitalismoaren oinarriak, eta ze erronka ditugun garaiotan. Otegik aipatu ditu, halaber, beste bi eskola ere: Gorka Juliok emandakoa eta kooperatibagintzaren oinarri juridikoak azaldu zizkietenekoa. Baina eskola solteak gorabehera, lehenbizikoz sentitzen du topatu duela bere balioekin bat egiten duen formakuntza eskola bat, eta itzulingururik gabe dio: “Hau da nire lekua”.

Hiru Damatxo

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *