KoopFabrikaren bigarren edizioa hasiko da urtarrilaren 17an

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa da. 2017an Ekonomia Sozial Eraldatzaileko 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bidelaguntza eskaini ondoren, 2018ko izen-ematea irekita dago. Kooperatibak edota proiektu komunitario eraldatzaileak martxan jarri nahi dituzten pertsona eta taldeei formakuntza, tresna praktikoak, elkarlan sarea eta proiektuen jarraipena eskainiko ditu. Gipuzkoa osoko proiektuek dute izena emateko aukera. 2018an lau eskualdetan eskainiko ditugu lan espazioak: Debagoienan, Beterri-Buruntzan, Oarsoaldean eta Bidasoa-Txingudin, tokian tokiko instituzio eta Ekonomia Sozial Eraldatzaileko eragile lokalen inplikazioarekin.
Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

  • Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.
  • Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.
  • Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako.
Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da. Horregatik dei egin nahi diegu proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen Koopfabrikan izen ematera koopfabrika.eus webgunean.
Proiektua LANKI Ikertegia eta Olatukoop Interkooperazioa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da. Bere garapenean parte hartu dute Beterri-Buruntza udalek, Debagoienako Garapen Agentziak, Bidasoako eragileak, Oarsoaldea eta Debagoiena garapen agentziak, Bagara Herrigintzan kooperatibak eta EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin.
Twitter, Facebook eta Instagramen ere proiektuaren egunerokoaren berri izateko aukera izango dute interesatuek. Gaiaz luze eta sakonago aritzeko jarri gurekin kontaktuan:
komunikazioa(abildua)koopfabrika.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude